
Gimnasia erritmikoan ezinbestekoa da malgutasuna, eta indarra ere beharrezkoa da. Baina garrantzi izugarria duen hirugarren elementu bat ere hartu behar da aintzat gimnasia erritmikoaren zailtasuna neurtzeko: tresnak menderatzeko behar den trebezia. Izan ere, menderaezinak dirudite askotan gimnastek erabiltzen dituzten bost tresnek. Gimnasta trebeen eskuetan jostailu mantso-mantsoak ematen badute ere, piztia bihurriak dira soka, mazoak, pilota, zinta eta uztaia. Teknika menderatu ostean, gimnastek ehunka aldiz errepikatu behar dituzte tresna horien jaurtiketa eta harrerak, lehiatzeko unea heltzen denean akats batek ez dezan erabat zapuztu hilabeteetako lana. Gimnasten ustez, tresna menderaezinenak pilota eta zinta dira, baina gainerakoak ere ez dira makalak. Zintak luzeak –6 metro gutxienez–, estuak –4/6 zentimetro– eta arinak –35 gramo– dira. Horri etengabe eta korapilorik egin gabe eragitea ez al zaizue oso konplikatua iruditzen? Bada, halaxe da. Tresna guztiek dute, baina, eragozpenen bat.... Bote egin eta iheska alde egiteko ohitura handia duen pilota nahiko astuna da, 400 gramokoa.
Jaurtiketak kenduta, ariketa osoan esku-azpiaren gainean eduki behar du gimnastak pilota, baina ezin dio heldu, eta horrexek aparteko zailtasuna eransten dio pilotarekin aritzeari. Metro erdi luze diren mazoak, berriz, egonkorragoak dira, ez baitira biraka ibiltzen. Mazoek ere badute, ordea, dagokien amarrua: ezkerrarekin eskuinarekin bezain trebea izan behar du gimnastak, eta hori ez da batere erraza. Biraka ibili ohi den beste tresna bat uztaia da. 80-90 zentimetroko diametroa dute uztaiek, eta oso arinak dira. Teknikaren aldetik eskakizun handiak dituen tresna da, eta epaileak ere zorrotzak izan ohi dira. Ba al zenekiten uztaiak airean dar-dar egiten badu puntuak kentzen dizkiotela gimnastari? Sokak ere badu antzeko eskakizun bat, ariketak irauten duen bitartean asko erreparatzen baitiote epaileek sokak hartzen duen formari. Sokaren luzera gimnastaren altueraren araberakoa izan ohi da, betiere proportzionala. Soka erabilita egiten diren ariketetan elementu garrantzitsuena jauzia denez, indar handia behar da sokaz ongi baliatzeko. Gimnasta batek azaldu digunez, bere amesgaiztoetan ez dira munstroak agertzen, eskura bueltatzen ez zaizkion zintak, mazoak, uztaiak eta horrelakoak baizik. Ez da harritzekoa...
No hay comentarios:
Publicar un comentario